2019(e)ko urriaren 13(a), igandea

Denboraldiko lehenengo pausoak

Denboraldi-aurreko entrenamendu astunetatik ihes egin eta pixkanaka forma hartzen joateko, hainbat lasterketatan parte hartu dute gure atleta federatuek azken egun hauetan. Gazteak eta ez hain gazteak, denak fin-fin aritu dira errepideetan barrena.

Ugaldetxoko jaietako lasterketa:

Aurten ere, ia urtero bezala, Ugaldetxoko jaietan izan dira Haurtzaro Atletismo Taldeko hainbat ordezkari. Nabarmentzekoa izan zen Amaiur Errazkin gaztearen garaipena emakumezkoen lasterketan, Uxue Tena eta Lourdes Oiartzabal korrikalarien aurretik. 

Gizonezkoetan, berriz, parte-hartzaile bat baino gehiago, ondorengo emaitzekin:

7. Mikel Hoyos
9. Asier Urdampilleta
15. Xabi Salaberria  

Urkabera igoera:

Garagardo festaren egunekin bat eginez, pixkanaka ezaguna egiten ari den herriko lasterketa berezi eta gogor hau burutu zen larunbatean. Bertan, errepidea gorantz begira jartzen denean primeran aritzen den Felipe Mitxelena historikoa ahaztu gabe, Aritz Leonet gaztearen lana goraipatu behar dugu. Lasterketan zehar aurrean ibili ondoren, 4. postua lortu zuen azkenean, lehenengo oiartzuarra.  

Zarautz Bihotzekin lasterketa solidarioa:

Eta, bukatzeko, gaur bertan ospatu den Zarautz Bihotzekin III. lasterketa solidarioan izan gara. Hiart Ibarguren gazteak lortu du garaipena emakumezkoen proban (bigarren postuan sartu da Sara Mancisidor zumaiarra, astero-astero berarekin entrenatzen duen laguna), eta irribarretsu jantzi du bere lehenengo txapela. Atleta gaztearekin batera, gaurko beroari aurre egiteko nahiko lanekin, Xabi Salaberria eta Josu Arotzena beteranoek parte hartu dute gaurkoan.

Postuak postu, Bihotzez Sortzetiko Kardiopatien Elkarteari babesa eman eta lasterketan parte hartzea zenez helburua, Haurtzaro Ikastolako hainbat langilek ere parte hartu dute lasterketan. 


Eta hori izan da guztia momentuz, orain entrenatzen jarraitzea tokatzen da eta laster izango dute probaren batean parte hartzeko aukera klubeko txikienek ere. 

Animo denei!


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina