2017(e)ko azaroaren 30(a), osteguna

Abenduaren 3an frogak Plaiaundin

Aupa ekipo!

Abenduko lehen frogak izango ditugu igande honetan, abenduaren 3an, euskararen egunarekin batera. Oraingoan Plaiaundin (Irun) izango dira. Parte hartzeko, beti bezela, izen emate orria bete mesedez larunbata baino lehen.

Frogak eta ordutegiak whatspApp taldean daude, arazoak ditugu blogean jartzeko. Gogoratu, froga baino ordu erdi lehenago egon behar dela pistan, beroketan behar bezala egiteko.


2017(e)ko azaroaren 28(a), asteartea

Urriaren 29ko frogen emaitzak

Kaixo ekipo!

Duela igande batzuk Plaiaundin  izan genituen frogak. Benjamin, alebin eta infantilek parte hartu zuten eta emaitza onak lortu zituzten. Eta garrantzitsuena, oso ongi pasa eta asko ikasi genuen!

Emaitzak ikusteko klikatu azpiko estekean.

https://drive.google.com/file/d/18e7JAyL7Dne6dMcZIT2Kp_TtDrw1YaIt/view?usp=sharing


2017(e)ko azaroaren 22(a), asteazkena

Azaroaren 26an frogak Hondarribin


Aupa ekipo!
Igande honetan, azaroaren 26an, Hondarribiko pistan izango ditugu frogak. Gogoratu, atletak, froga hasi baino ordu erdi lehenago egon behar dutela pistan. Izen emateko aukera ostirala arte zabalduko dugu, arratsaldeko 19.00ak arte.

Frogen ordutegia honako hau da:






2017(e)ko azaroaren 20(a), astelehena

Perikori omenaldia

        Atzoko eguna Haurtzaro Atletismo Taldearentzat berezia eta hunkigarria izan, 35 urte luzeetan gure entrenatzailea izan den Perikori azken agurra egin genion.


        Lehen omenaldia Txingudiko krosean izan zen. Bertan, atletismo munduko pertsonak parte hartzeaz gain, gure taldeko entrenatzaile, atleta zein gurasok egin genituen 600 metroak Perikoren omenez. Horrez gain, goiz zoragarria igaro genuen, talde baten moduan elkarrekin hamaiketakoa egin eta gureak animatu genituen. 





Arratsaldean, Perikori merezitako azken agurra eman genion ikastolan. Mila esker hurbildu zinazten guztioi, benetan polita izan zen.

Entrenatzaile bitxia
nahastuz euskara ta erdara,
guregan sortu dituzu
milaka barre algara,
urte hauetan jasoaz
milaka besarkada
zu izan zara Periko
gure bihotzen taupada.

Denok batera eginaz atzeraka begirada,
goxotasunez zurekin
beti oroituko gara,
kirol munduan sartzeko
giltza zu izan baitzara,
jarraituz goaz aurrera
jasoaz zure ziztada.

Irrifar batekin josiz
umorea ta ardura,
atletismoa bihurtu 
duzu askoren ohitura,
jaurtiketak ta jauziak,
fondoa, abiadura...
baina lekuko bat nola
doan eskutik eskura,
orain guk segiko dugu
irrifartsu ta gustura,
zuk nozbait hasi zenuen 
lasterketa eder hura,
haurrak hurbildu hainbeste
maite zenuen mundura,
ta sekula ahaztu gabe
bidea dela helmuga.



 Mila esker urte hauetan emandako guztiagatik Peri!
Gure bihotzean eramango zaitugu!

2017(e)ko azaroaren 18(a), larunbata

2017(e)ko azaroaren 14(a), asteartea

AUTOBUSA

Kaixo ekipo!

Igande hontan, azaroaren 19an Txingudira atleta, entrenatzaile eta guraso asko joatekoak garenez eta han aparkatzeko zailtasunak daudenez, Haurtzaro Atletismo Taldeak autobus zerbitzua jartzea erabaki du. Autobusa ikastolako aparkalekutik goizeko 8:45ean eta Txinguditik 13:00etan aterako da. 

Modu honetan, haur guztien lasterketak ikusteaz gain, Perikoren omenaldian parte hartu dezakegu, 11:55ean izango dena. Denei parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, 600 metro besterik ez dira izango eta oinez egin daiteke. 

Bestalde, mahai eta karpa txiki batzuk eramango ditugu gure gauzak uzteko eta hamaiketakoa egiteko. Beraz, nahi duenak hamaiketakoa ekar dezake eta ekartzen diren gauzekin hamaiketako polit bat egin dezakegu denok batera. 


2017(e)ko azaroaren 13(a), astelehena

TXINGUDIKO KROSA

Kaixo lagunak!

Igande honetan, azaroaren 19an, Txingudiko krosa ospatuko da Irunen. Alebin zein infantil mailako atletek parte hartzeko aukera izango dute. Horretarako, lehendik izena ematea eta lehenbailehen egitea eskatzen dizuegu. Izan ere, mordoxka biltzen bagara, autobus zerbitzua jarriko dugu, ikastolatik 8:45ean eta Txinguditik 13.00etan aterako dena.
Azpiko irudian ordutegia ikusteko aukera duzue. Bestelako informazioa atletei jakinaraziko diegu.


Igande berezia izango da, Perikori merezitako bi omenaldi egingo dizkiogu, lehenengoa Txingudiko krosean, 11:55ean eta bigarrena Haurtzaro ikastolan 16:00etan. 

OMENALDIETAN PARTE HARTZERA GONBIDATZEN ZAITUZTEGU, DENON ARTEAN PERIKORI MEREZITAKO AGURRA EMATEKO






2017(e)ko azaroaren 11(a), larunbata

Beti gurekin, beti irrifartsu

Maitasuna, esfortzua, errespetua, talde-lana, umorea... Oiartzunen barrena banatu dituzu 33 urte hauetan, eta hiztegi propioarekin gainera! Pistan eta pistatik kanpo, bizitzan aurrera egiteko mila aholku eman izan dizkiguzu beti. Eta egun hauetan argi ikusi da ereindakoak fruituak eman dituela: ehundaka eta ehundaka haur, gazte eta heldu agurtu eta eskerrak ematen.   

Aurten jaso zenuen sarirako prestatutako bideoan ere antzematen zen hori.

 

Atletismo Taldeko kideok bi bertso hauek idatzi dizkizugu, Peri, nahiz eta inoiz ez dugun zuk emandako guztia bueltatzerik izango.

Entrenatzaile bitxia
nahastuz euskara ta erdara,
guregan sortu dituzu
milaka barre algara.
Urte hauetan jasoaz
makina bat besarkada,
zu izan zara Periko,
gure bihotzen taupada.
Denok batera eginaz
atzeraka begirada,
goxotasunez zurekin
beti oroituko gara,
kirol munduan sartzeko
giltza zu izan baitzara,
jarraituz goaz aurrera
jasoaz zure ziztada.


Irrifar batekin josiz
umorea ta ardura,
atletismoa bihurtu
duzu askoren ohitura,
jaurtiketak ta jauziak,
fondoa, abiadura…
baina lekuko bat nola
doan eskutik eskura,
orain guk segiko dugu
irrifartsu ta gustura,
zuk noizbait hasi zenuen
lasterketa eder hura,
haurrak hurbilduz hainbeste
maite zenuen mundura,
ta sekula ahaztu gabe
bidea dela helmuga.

Eta, bukatzeko, urte hauetako zure argazkiekin bilduma bat egin dugu. Ikusteko, klikatu hemen:

ESKERRIK ASKO, PERI



2017(e)ko azaroaren 8(a), asteazkena

Eskerrik asko, Peri

Hainbeste urtetan hor egoteagatik,
oiartzuarroi atletismoaren mundua erakusteagatik,
eman diguzun guztiagatik,
zure laguntza, animo, txiste eta irrifar bakoitzagatik,
zaren bezalakoa izateagatik...

ESKERRIK ASKO PERI!!

Lekukoa gogor eta gogoz eutsi dugu, 
lasterketak aurrera jarraitzen du.



2017(e)ko azaroaren 7(a), asteartea

Igande honetan, azaroaren 12an,  EZ da frogarik izango.

Hurrengo igandean, hau da, azaroaren 19an, Txingudiko krosa ospatuko da. Heldu den astean informazio gehiago emango dizuegu.

Ongi izan.

2017(e)ko azaroaren 2(a), osteguna

AZAROAK 5EKO FROGAK


Kaixo ekipo!

Igande honetan ere, azaroaren 5ean, frogak izango ditugu. Oraingoan Hondarribian izango dira,  kiroldegiaren eta futbol zelaiaren ondoan dagoen pistan. Gogoratu, froga hasi baino ordu erdi lehenago pistan egotea beharrezkoa dela. Bestalde, parte hartu ahal izateko, goikaldean azaltzen den "izena ematea" atalean izena eman beharko da ostiraleko 19:00ak baino lehen.

Ordutegia hemen duzue ikusgai: