Atzoko eguna Haurtzaro Atletismo Taldearentzat berezia eta hunkigarria izan, 35 urte luzeetan gure entrenatzailea izan den Perikori azken agurra egin genion.
Lehen omenaldia Txingudiko krosean izan zen. Bertan, atletismo munduko pertsonak parte hartzeaz gain, gure taldeko entrenatzaile, atleta zein gurasok egin genituen 600 metroak Perikoren omenez. Horrez gain, goiz zoragarria igaro genuen, talde baten moduan elkarrekin hamaiketakoa egin eta gureak animatu genituen.
Arratsaldean, Perikori merezitako azken agurra eman genion ikastolan. Mila esker hurbildu zinazten guztioi, benetan polita izan zen.
Entrenatzaile bitxia
nahastuz euskara ta erdara,
guregan sortu dituzu
milaka barre algara,
urte hauetan jasoaz
milaka besarkada
zu izan zara Periko
gure bihotzen taupada.
Denok batera eginaz atzeraka begirada,
goxotasunez zurekin
beti oroituko gara,
kirol munduan sartzeko
giltza zu izan baitzara,
jarraituz goaz aurrera
jasoaz zure ziztada.
Irrifar batekin josiz
umorea ta ardura,
atletismoa bihurtu
duzu askoren ohitura,
jaurtiketak ta jauziak,
fondoa, abiadura...
baina lekuko bat nola
doan eskutik eskura,
orain guk segiko dugu
irrifartsu ta gustura,
zuk nozbait hasi zenuen
lasterketa eder hura,
haurrak hurbildu hainbeste
maite zenuen mundura,
ta sekula ahaztu gabe
bidea dela helmuga.
Mila esker urte hauetan emandako guztiagatik Peri!
Gure bihotzean eramango zaitugu!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina